XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Txikigarrien erabilerak ere xamurtasuna ematen dio hizkuntzari eta asko dira Barbierek -xko eta -xka atzizkiak erantsirik osatzen dituen hitzak: urrunxko, lasterxko, ederkirko, hurbilxko, sobraxko, luzexko... oihanxka, guduxka, aintzindarixka...

Hikako formek ere elkarrizketei bizitasun eta naturaltasuna ematen diete. Piarresek hika egiten du bere lagunekin. Arruntena horixe da, jakina, garai hartako euskaldun gazteek beren artean hika egitea. Arrunta izanik, beraz, aipatzea bera ere soberan dagoela dirudi. Ez da, ordea, hori hemen aipatu gura genukeen erabilera, edonori bitxiago irudituko zaion beste bat baino. Begibistan gera dadin, aski da X. kapituluaren hasieran jarri dituen bi bertsolerroetatik bat hona ekartzea:

Ama gaixoa, ikus bahintza Verduneko hire haurrak!

Bitxia benetan, ezta, ama bati hika hitz egitea? Bada, are bitxiagoa da esaldi horren atzean dagoena. Hurrengo lerroetan ikusiko dugunez, beste asko bezala, bertso horiek ere aurrez argitaraturik zituen Barbierek. Aurreko argitalpen horretara joaz 68 Erreferentziak aurreratxoago emango ditugu., beraz, hona zer dioen bertsolerro horrek:

Ama gaixoak ikus balitza Verduneko bere haurrak!

Ez dakigu, jakina, zein den aldaketaren arrazoia, baina kontu bitxia da benetan. Ulergarriagoa litzateke aldaketa beste zentzuan gertatu izan balitz, baina ez da erraz ulertzen zergatik jarri duen hika bertsolerro hori. Bego horretan, beraz, aipamen hau.

Frantsesaren erabilerak berak ere naturaltasun eta egiatasun handia ematen die elkarrizketei. Soldadu euskaldunek, beren artean euskaraz mintzo badira ere, aitzindari frantsesen aurrean frantsesez egin behar dute, eta horixe jasotzen du autoreak. Frantsesezko pasarteetan, gainera, garbi asko desberdintzen da hiztunaren jatorria.